XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Trinkotze-mota honen bitartez oso produkzio handiak lortzen dira, gainazalaren bukaera oso ona izaten da, piezaren dimentsioak ere ondo kontrolatuz.

Bestalde, arazoen ikuspuntutik honako hauek aipa daitezke: oso lodiera txikiak dituzten piezak ezin dira trinkotu sistema honen bidez; ezta altuera/diametro erlazio handia dutenak ere.

10.3.3.2.2. Hotzetako trinkotze isostatikoa (CIP)

Hotzetako trinkotze isostatikoan presioa hauts-produktuaren gainazal osoan zehar uniformeki aplikatzen da.

Horretarako hautsak ontzi malguan (askotan ontziaren materiala elastomeroa izaten da) sartzen dira eta multzoa presurizatuta dagoen fluido batean jartzen da.

Prozedura honen bitartez, presioa uniformea izanik dentsifikazioa ere oso homogenoa da.

Bestalde, sistema hau egokia da forma bereziak eduki behar dituzten piezak trinkotzeko ala piezaren altuera/diametro erlazioa handiegia denean konpresio uniaxiala aplikatzeko.

Beste prozedurekin konparatuz sistema honek ere desabantaila batzuk baditu.

Alde batetik, berdearen dimentsio-kontrola ez da, beste sistemekin konparatuz, hain zehatza izaten.

Bestetik, produkzio-abiadura kontutan hartuz, hotzetako trinkotze isostatikoarena konpresio uniaxialarena baino askoz txikiagoa da.

10.3.3.2.3. Injekziozko moldeaketa

Lortu behar diren piezen geometria oso berezia denean eta berauen pareten lodiera 5 mm-tik 0,6 mm-rainokoa denean eta ohizko hauts-metalurgiaren prozedura erabili ezin denean, injekziozko moldeaketa alternatiba gisa kontsidera daiteke.

Teknologia hau plastikozko injekziozko moldeaketan oinarrituta dago.

Hauts metalikoak aglomeratzaile organiko batean nahastu egiten dira.

Nahastea, plastikoetarako erabiltzen den makina batean injektatzen da 135 / 205 ampdeg;C-ko tenperaturan eta ~ 140 MPa-eko presioa aplikatuz.

Produktuaren biskositatea nahikoa baxua izaten da moldea ondo bete dadin.

Hoztean osagai organikoa solidotu egiten da eta produktua moldetik atera daiteke.

Ondorengo sinterizazio-prozesuari aglomeratzaile organikoa kendu egiten da.